Euskal Rock Erradikala ikuspuntu marxistatik
Egun, arrotza izango litzateke irratian “boltxebike”, “burgesia” “langile klase” bezalako hitzak oihukatzen entzutea, are gehiago, mitin edo alderdi politiko baten ordez, hitz horiek gitarra distortsionatu eta eztarri urratuetatik badatoz. Euskal Rock Erradikala ez zen proiektu musikal antolatu bat izan, ezta ideia iraultzaileen itzulpen musikala ere, baizik eta gazte langile klasearen ahotsa, zeinak klase borroka egunerokotasunean bizitzen zuen.
Contenido
Euskadi 80. hamarkadan
Letra gordinak, eduki antisistema argia zutenak, ezin dira bere testuinguru historikotik at ulertu. Euskadi aldaketa eta suspertze momentuan zegoen; 70. hamarkadatik geroztik, eta oraindik ere krisialdiari helduz, industriaren indargunearen ahultzea sufritu zuen: industria astunaren deuseztatzea. Ontziola, siderurgia, metalurgia eta bestelako enpresak Euskaditik kanpo ekoizten hasi ziren, modernizazio eta lehiakortasunaren izenean. Horrenbestez, eskulan merkeagoko herrialdeetara mugitu ziren, Euskadiko langile klasea lanpostu gabe utziz.
Langabezia gaztediaren esperientzia unibertsala bihurtu zen; hala, langileen seme-alabek “demokrazia”-ren suspertzearen eta aurrerapenaren ilusioak segituan bertan behera utzi zituzten, demokrazia berri hartan jokoz kanpo geratuz. Hainbeste borrokatu ondoren, demokraziak huts egin zien. Merkatu mundialera sartzeak flexibilitatea, prekarietatea eta deserrotzea eskatzen zuen, baita frankismo amaierako promesak alde batera uztea ere. Hala, errealitatearekin talka egin zuten.
Ezinbesteko faktore bat aurkitzen dugu garai hartan: heroinaren presentzia. Droga honek indar kontrairaultzaile bezala jokatu zuen, gazteria erremediorik gabe kaltetu baitzuen. Estatuak berak onartutako estrategia izan zen, are estimulatu ere, politizatuta zeuden gazteak guztiz lekuz kanpo uzteko eta menperatzeko: menpekotasuna duenak ezin du iraultza bat aurrera eraman.
Halaber, Estatuaren zapalkuntza zuzena ere jasan zuten. Errepresio poliziala konstantea izan zen: kontrolak, espetxeratzeak, torturak, salbuespen-egoera izkutuak, etab. Espetxea esperientzia generazionala bihurtzera heldu zen Euskadin, non gatazka politikoak jarraitzen zuen.
Mundu modernuko arazo larriek influentzia handia izan zuten euskal gazteriarengan. Mugimendu ekologistak eta anti-nuklearrak presentzia asko izan zuten, enpresa energetiko handiek inguruan zentral nuklearrak jarri nahi zituzten eta.
Oztopoak-oztopo, gazteriaren beste kezka handi bat terrorismoa zen. Alde batetik, ETAren jarduera armatuak zuzenean eragiten zien, hainbat atentatu egon baitziren Euskal Herrian, zeinak tentsioz, beldurrez eta antsietatez osatutako atmosfera sorrarazten zuen. Beste alde batetik, Estatu burgesaren erantzuna gerra zikina izan zen: “Estatuaren estoldek” GAL sortu zuen, bahiketak, torturak eta hilketak gauzatu zituena, inolako justifikaziorik gabe. ZEN (Zona Especial Norte) planaren aplikazioarekin, eta salbuespen politika bat ahalbidetuz, oinarrizko eskubideak deuseztatzera heldu ziren.
Azkenik, hau guztiari babesgabetasun sentsazioa batu zitzaion. Greben, langileen borroken, hilketen (Martxoaren 3koak kasu) eta asanbladen ondoren, euskal langile klasea frankismoaren osteko “demokraziara” iritsi omen zen. Ordea, berehala ikusi zen “erregimen aldaketa” faltsukeria hutsa zela; formaz aldatu zen, baina edukiz ez. “Pactos de la Moncloa”-n alderdi politikoek eginiko traizioari esker Borboien erregetza eustea, botere polizial eta judizialaren aldaketa eza, eta propietate pribatuaren mantentzea horren froga izan ziren. Ez da harritzekoa, hots, Euskadi izatea honekiko aurkotasun gehien demostratu zen lekua izatea. Haustura erradikala espero zen lekuan, “kontsentsuaren izenean” kapitalaren defentsa, erregimen frankistaren mantentzea eta klase borrokaren desaktibazioa aurkitu zuten. Babesgabetasun sentimendu hau erraz ikus daiteke Eh txo (Hertzainak) bezalako abestietan:
Gogoratzen haiz ze ondo pasatzen gintuen
Kriston martxa zegon sasoi ilun hoietan
Gaur dirudi demokraziak utzi haula pott egina
Ipurdi hartzeari gustua hartua dioala
Honekin guztiarekin, Euskal Rock Erradikala sortu zen, ez gazteen kapritxo antisistema bezala, baizik eta klase langilearen porrota historikoaren eta alderdi politikoen buruen traizioaren erantzun bezala.
Euskal Rock Erradikala, eskuliburu gabeko marxismoa
Jarrera antisistema, beti letra latz eta argiekin, gazteriak sufritzen zituen arazoei (drogen presentzia, Estatu burgesa, terrorismoa) aurre egiteko erraminta ziren, hizkera konplexu edo akademikorik izan gabe, eduki politiko handia adieraziz. Ez dago autore handien aipurik, ezta bolontate doktrinariorik ere; antolakuntzatik distantzia handia zegoen. Eta, halere, letrak zeharkatzen dituen gatazkak muin marxista du zalantzarik gabe: klase bat bestearen kontra, langileria burgesiaren kontra, Estatua herriaren kontra. Burgesia etsai estrukturala da, lana esplotazio modu bat, eta Estatua zapalkuntza tresna bat. Ez da ikasitako marxismoa, baizik eta gazteriak bizi izandako klase borrokaen emaitza.
Hala eta guztiz ere, kontzientzia hau ez da gatazka sozialarekiko praxiatik aldentzen. Letrek ez dute kapitala aztertzen, sufritzen baizik. Ez dute honen desagerpenaz teorizatzen, honengatik bizi izandakoa transmititzen dute. Horrek azalduko zukeen, hortaz, letra batzuek duten natura oldarkor, gordin eta zuzena, batzuetan kontraesankorra. Euskal Rock Erradikalak, Trantsizioan bizitako atsekabea dela eta, antolakuntza politiko guztien ezeztapena du ardatz: alderdi orok (baita ezkertiarrek ere) kapitalismoa onartu eta sozialismoaren aldeko borroka alde batera utzi zutela agerian geratu baitzen.
Benetako alderdi iraultzailearen faltak, erregimen berritik at mantenduz indarrak kanalizatzeko gai denak, hutsune politiko handia utzi zuen. Hutsune hori berehalaxe deskonfiantzaz bete zen. Euskal Rock Erradikalaren leloa argia zen: inork ez gaitu errepresentatzen. Noski, siglen, liderren eta abangoardiaren aurka zeuden.
Gaur gure betebeharra da, hortaz, mugimendu artistiko honek garaiko gazte langileen porrota errepresentatzen duela argi adieraztea, langile klasearen porrota historikoaren parte dena. Hau ez zen langile klaseak iraultzaraino borrokatzeko beldurra izateagatik gertatu, Alderdi Komunistaren (PCE), PSOEren, CCOO eta UGT sindikatuen traizioagatik baizik. Bereziki, alderdi komunistaren papera azpimarratzen dugu, etapen teoria estalinista defendatzeagatik, eta PSOE marxismoaz guztiz ahaztu eta borroka sozialista ukatzeagatik.
Historiaren testigua
Gutako askok ikusten dugu geure burua islatuta kanta eta abesti horietan, belaunaldi oso baten borrokatzeko nahia islatzen baitute. Gure gurasoen belaunaldia izan zen, hain justu, gizartearen aldaketa erradikal baten alde borrokatu zuena, eta, halere, borroka horren mugak ikusi eta bizi zituena ere. Antolakunde komunista iraultzaile baten existentzia eza izan zen, finean, gazteria hori kondenatu zuena “demokrazia” eta merkatu mundialaren eransketara. Gaur, letra horiek, inoiz baino gehiago, oihartzun handia dute, konforme ez gauden mundu bati buruz diharduten dutelako; klase kapitalistaren aurka jo behar dugu, Zu atrapatu arte abestiak esaten digun bezala:
Hi burges madarikatua
ez duzu inoiz ezer ulertuko.
Zuretzat kalean gertatzen dena
beti besteen arazoak dira.
Puedes enviarnos tus comentarios y opiniones sobre este u otro artículo a: contacto@comunistasrevolucionarios.org
Para conocer más de la OCR, entra en este enlace
Si puedes hacer una donación para ayudarnos a mantener nuestra actividad pulsa aquí










